SUAIA ETA AMA REBEL TALDEAK BERE LEHENENGO LANA AURKEZTEN DU “RAGGAMUFFIN KAMARADA”


Lan berri honetan, taldeak reggaeren sustraietara bideratu da, Gorka Suaiak konposatutako kantak grabaketa batean islatuz. Suaia eta Ama Rebel taldea ez da soilik reggae-ra mugatzen, hainbat estilo jorratzen baititu: dancehall, roots, rub-a-dub,… Taldeak sortzen dituen estilo ezberdinen bitartez, jendartean baztertze prozesuan dauden pertsonen alde eskeini nahi dituzte mezuak, reggaeren sustrai aldarrikatzaileak mantenduz eta ikur errebelde eta euskalduna astinduz.

Horretarako, A-Lone Ark Muzik Studioko Roberto Sanchez ekoizlearen ezinbesteko parte hartzea izan du, reggae klasikoaren antzera, ederto uztartuz Gorka Suaiaren mezu zuzenak eta aldarrikapen politiko konprometituak, A-Lone Arken ekoizpenetan, ohiko den roots estilo dotore eta melodikoarekin.

Grabazioan hainbat kolaborazio izan ditu taldeak, hala nola, Nadia Paz eta Monika Boneco, saxoan Saioa Jorrín eta Roberto Sanchez bera perkusio eta teklatu batzuetan. Lan hau sei kanta borobil eta atsegin eta lau dub bertsioaz osatuta dago.

Sound Systemetan propioa den dantza hipnotikorako dubak, A-Lone Arken ukitu eta soinu bereziarekin entzun daiteke. Lurretik urruntzeko, nork bere unibertsoan bidaiatzeko erritmoak. Eta musika itzela bada, Ribo diseinatzailearen lana ez da gutxiagorako. Horregatik, diseinua bere ederrean erakusteko, diskoa binilo formatuan ere aterako du.