Markes Iraizoz eta Suaiak ‘Arnasa’ maxia kaleratu dute

Sortzaile biak hiru abestiz osotutako proiektu txiki eta txukun bat sortzeko alkartu dira. Lan honetan, Suaiaren eta Markes Iraizozen mezu ozenak entzun daitekezala dinoe Taupaka diskoetxekoek, horretarako, doinu lasaiak eta berba garbiak aukeratu ditue.

Arnasa berbea aukeratu dabe proiektu barri honi izena emoteko, arnasea hartzeko doinuak eta letrak batuz eta arnasearen bidez hausnarketea egiteko. Diskoan hainbat idea zabaldu nahi izan ditue sortzaile biek: Zergatik eta Deia abestien bidez, esaterako, mundu gizatiarrago baten aldeko ideak, alkarreganako maitasuna eta laguntzinoa sustatzeko mezuakaz eta kapitalismoa, lehiakortasuna eta indibidualismoa alde batera lagaten ditue. Geurean tinko kantuan, aldiz, gure bizitzan izaten doguzan oztopoen aurrean tinko ibilteko eta gureaz harro egoteko deia zabaldu nahi izan dabe.

Bikoak ez dau lan hau formatu fisikoan argitaratuko; entzuleek diskoa Taupakaren youtube kanalean eta webgunean daukie entzungai eta hortik deskargatu leikie.

Break jantzeak lehenik eta rapak geroago, Gasteizko lagun bi honeen bideak batu zituen. Kodigo Norte taldearen bidez egin ziran ezagun eta hainbat dira argitaratu dituen diskoak. Oparoak izan dira be euren bakarkako ibilibideak be.

Markes Iraizozek hiru lan argitaratu ditu: Un paseo por mi mente, Independencia eta Musicamina. Lan honeek hip hop-aren munduan ezinbesteko klasiko bihurtu dabe Iraizoz. Gaur egun, bere laugarren estudioko lana atontzen dabil eta 2018an aurkeztuko dau.

Gorka Suaiak, bere aldetik, hainbat proiektutan parte hartu dau. 2012an bakarko bideari ekin eutson eta Askapen Sound Sistemaren Mundua Salgai, Suaia eta Lahaineren Herrima EPa Endika Lahainegaz, eta Piztu! Mixtape Kimo Soundz DJagaz. Esne Beltzaren Gora! Tourrean be parte hartu eban. 2018an, Ama Rebel reggae bandeagaz disko barria argitaratuko dau.

Advertisements