SUAIAK SU EMAN ALA HARTU ALBUM BERRIA AURKEZTU DU.

Gaur Beldur ta Nazka singlearen bideoa ere kaleratu du eta diskoarekin batera fanzine bat
eskuratu daitekela iragarri du. Gorka Suaia (Kodigo Norte, Esne Beltza, Askapen Sound Sistema, Suaia eta Lahaine, Suaia eta Ama Rebel…), duela hamarkada bat baino gehiago Bilbon bizi den Gasteizko abeslari eta ekoizlea, LP batekin bueltan da. Bost urte igaro dira azkenekotik, Suaia eta Ama Rebelekin,
2020tik geldirik dagoen taldea, argitaratu zuen Raggamuffin Kamarada hartatik.


Su Eman ala Hartu hamaika abestiz osatuta dago eta bertan hip-hopa eta reggaea dira nagusi, baina rap-rock, funky-rap edo trap estiloetarako ere tartea badago. Ekoizpen musikalaren atalean, Suaia bera dugu Askapen Sound ezizenez, Kostako Beats, Komadü edo Rlantz, eta ahots-kolaborazioetan Mateo Zikuta eta Patricia Reckless. Disko berriarekin batera Beldur ta Nazka kantaren bideoa kaleratu du Suaiak, bere anaia Iñigo gitarjolearekin batera produzitakoa, Ander “Teje”rekin bajuan eta Xixo Yantanirekin baterian. Bideoa zein diskoa Euridia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dira, Ibon Larruzea soinu ingeniariaren eskutik. Diskoa plataforma digitaletan entzun daiteke dagoeneko eta musikariaren Bandcamp orrian deskargatu. Euskarri fisikoari dagokionez, CD formatuan argitaratuko da fanzine batekin batera, azken hau, diskoan jorratzen diren gaietan gehiago sakontzeko asmoz. Pack hau datorren astetik aurrera DDT Banaketaken edo Durangoko Azokako Musikazuzeneanen standean
eskuratu ahalko da.

Bestalde, Suaiak azarotik aurrera eszenatokietara itzulera iragarri du, Komadürekin teklatu eta saxoan (Suaia eta Ama Rebel, Bubblin ‘Sound), Ander “Teje” gitarran (Suaia eta Ama Rebel, Cherry Boppers) eta Xixo Yantani baterian (Cherry Boppers, The Pushermen) prestatu duten banda formatu berriarekin.