SUAIAREN DISKO BERRIAREN LEHEN AURRERAPENA: KATUA ETA SAGUA.


Su Eman ala Hartu izango da Suaiak udazkenean argitaratuko duen lanaren izenburua. Gaur, bere lehen aurrerapena aurkezten digu: Katua eta Sagua.


Gorka Suaia (Kodigo Norte, Esne Beltza, Askapen Sound Sistema, Suaia eta Lahaine, Suaia eta Ama Rebel…), duela hamarkada bat baino gehiago Bilbon bizi den Gasteizko abeslari eta ekoizlea, LP batekin bueltan da. Bost urte igaro dira azkenekotik, Suaia eta Ama Rebelekin, 2020tik geldirik dagoen taldea, argitaratu zuen Raggamuffin Kamarada hartatik.

Ordea, bi urte pasa dira Bira Zapatistaren ongietorria zela eta Ya Vienen/Badatoz kaleratu zuenetik, Horazz rap abeslari errumaniarrarekin batera. Ordutik, Gorka hamaika abesti izango dituen album honetan lanean dabil, laster argitaratuko duena. Aurrerapen gisa, Rlantz (Aiaraldeko Soinu Sistema, Ziztada & Rlantz) reggae-dub ekoizleak ekoitzitako kutsu minimalistako dancehall-reggae hau aurkezten digu.


Katua eta Sagua-k garai arraroez, etorkizunik ezaz eta autoritarismoaz hitz egiten digu, baina baita elkar-laguntzaz ere, “bizi garen beldurraren eta gorrotoaren erreinu honetan” aurrera egiteko ezinbestekoa. Ibon Larruzeak grabatu, nahastu eta masterizatu du kantua Euridia estudioan, eta bertan grabatu dute abestiarekin batera doan bideoa ere.


Bestalde, Suaiak azarotik aurrera eszenatokietara itzulera iragarri du, Komadürekin teklatu eta
saxoan (Suaia eta Ama Rebel, Bubblin ‘Sound), Ander “Teje” gitarran (Suaia eta Ama
Rebel, Cherry Boppers) eta Xixo Yantani baterian (Cherry Boppers, The Pushermen) prestatzen
ari den banda formatu berriarekin.